domingo, 14 de enero de 2007

EUSKARA BATUA ETA EUSKALKIAK


Euskara batua, eredu literario eta idatzia den neurrian, hizkuntzaren irakaskuntzara, hezkuntza osora eta komunikabideen idatzizko nola ahozko ihardunetara aplikatu behar izan da. Jakina, euskarak berez defentsa kaskarra dauka letra idatziaren zurrunbilo honen kontra, normalizazio ezaren ezaugarrien arteko bat, hain zuzen ere, gizarteak orobat onartzen duen mintzaera tipifikatu eta estandarizatua ez izatea baita.
Euskara batua, sortzez eta helburuz, idaztekoa da, eta euskalkiak idatziak izan badira ere, kanale espontaneoetatik iraunbidea izan duten ahozko mintzaerak. Halabaina, nork bere hesparrua betetzen duen eran, gezurrezkoa da euskara batua / euskalkiak kontrajartze hori. Batetik, hizkuntza inoiz normalizatuko balitz, euskara batua euskalki ofizial eta estandarra bihurtuko litzateke besterik gabe, gainerakoen izatea ukatu gabe noski. Eta bestetik, normalizazioak berak eskatuko lioke euskara batuari ahozko mintzaera (hots, euskalki) bihurtzeko moldaketa.

No hay comentarios: